Apirilean ere, agenda interesgarria dakarkizuegu. Oraingo honetan ekitaldi gehienak online izango dira. Badakizue, #GukEuskarazSeguru. Ea maiatzean, udaberriarekin batera, kontu gehiago egiterik dagoen kalean.
Hemen zenbait ekitaldien nondik norakoak. Puntua-trikot tailerrarekin urrats bat aurrera egingo dugu, ganorazko jertse bat egiteko parada izango duzue; horretarako, lau saio egingo ditugu apiriletik ekainera (apirilean lehenengo bi saioak izango dira), lan eskerga baitakar jertsea egiteak. Bilboko Berbalaguna-Mintzapraktika taldeekin batera Autu-mautua antolatu dugu (online solasaldiak dira autu-mautuak, eta Jitsi aplikazioaren bidez egiten ditugu); Itziar Aceves ingeniaria izango dugu gurekin argindar fakturaz gehiago jakiteko, eta nola ez ahal bada, aurrezten ere lagunduko digu. Garagardo eta literatura lotuko ditugu Mario Birretirekin (La Catedral de la Cerveza). Nutrizio etiketak eta, bestetik, afari arinak eta osasungarriak, On Ekin Nutrizioa-ko Andrea eta Nahiarekin. Hamburgo Platz Bira Kulturgunean, Miren Agur Meaberekin.
Ondo pasa.